XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.- Euskaldun Israeldarren arteko hizkuntz-harremanak

Euskaltzaindiak, direla urte batzu, pertsona nagusien Alfabetatzea eta Euskalduntzea indartu eta euskararen alde jokatu nahiean, harremanak hasi zituen Israeldar hizkuntzalari eta pedagogoekin Ebraieraren berbiztea nola egin den jakin nahirik.

Eta hori hurbilagotik eta sakonkiago aztertzeko Imanol Berriatua eta Xabier Kintana bidali zituen hango hizkuntzaren egoera ezagutu, ebraiera irakasteko erabiltzen dituzten metodoak ikusi eta gero honako antzerako plangintza egiteko asmotan.

Lehen bideia horren ondorena izan dugu Imanol Berriatuak, hango esperientzia jasorik eta beste zenbaiten laguntzaz, pertsona nagusiei euskara mailaka irakasteko egin eta eskeini digun HITZ EGIN euskara ikasteko metodo berria.

Han jaso eta hona ekarritako asmo berriak aurrera eramateko asmotan, Euskaltzaindiak lan talde bat sortu zuen, horrela nagusien euskalduntzearen inguruko arazoak sakondu eta alfabetatzeari eta euskalduntzeari irtenbidea emateko.

Aurkitu ere, gaur egunez, euskaldunok kanpotik gure artera etorritako jendetza eta bertan jaioak izan arren erdaldun ditugunak, euskaldundu beharrean aurkitzen gara eta.

Gauzak horrela, Euskaltzaindiko Oinarrizko euskararako talde teknikoan lanean ari diren pertsona batzuk proposatuz Israelera ibilaldi bat egitea pentsatu zen.

Eta pentsatu eta egin, Uztailaren 1etik 10era bitartean, Imanol Berriatua gidari eta bultzatzaile zela.

Bideia hauk, hainbat urtetan pertsona nagusiei euskara irakasten arituentzat pentsatua izan zen, nahiz eta azken unean beste norbaitzuk ere onartu.

Guztitara berrogetamar joan ginen.

Gehienok lehendik ezagunak eta zenbait ekintzetan elkarrekin ibiliak.

Horrek zeharo erraztu eta atsegindu zituen talde barneko harremanak!.

Nik ere, hara joateko aukera izan nuen.

Eta pozik eta gogo biziz joan nintzen joan ere, halakoetan jazo ohi den bezala lan sakonik egiteko egun gutxi izan arren.

Kristau ikuspegitik ere oso interesgarri iruditu zitzaidan Israelerako ibilaldi hori, horrela Jesusen bizitokia zuzenean ezagutzeko aukera nuenez.

Benetan Ebanjelioak eta ezagutzeko beraien sorterria ezagutzeak asko laguntzen digu.